XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta haren ondorioz motelkiro aurreratzen zen espaloietan.

Guztiarekin, gogor egiten zion bere buruari ibilaldiari eutsi ziezaion, kafetegiren batera sartu edota abenidaren erdiguneko bankuetan eseriz gero, gutunaren gogorazioek beren menpe hartuko zuten beldurrez.

Bere buruarekin lehian ziharduela, bat-batean, zinema-areto baten aurretik igarotzean, argia egiten zitzaiola juzkatu zuen.

Zinema.

Nola ez zaidak lehenago akordatu! esan zuen bere golkorako harriturik, kinka hartatik ateratzeko hain modu erraza bilatu uste zuelako.

Sarrerara inguratu eta Louis de Funes-en erretrato handi batekin egin zuen topo.

Lastima.

Ez nagok ni orain Louis de Funes-ekin barre egiteko egoerarik onenean atsekabetu zen filmearen iragarkiak ikustean.

Segituan berebaitaratu zen, ordea.

Eskaintza hoberik izango ahal ditek beste tokitan! egin zuen asperen, eta sarrera ondoko erakus-leihora hurreraturik, tinko iraun zuen karteldegiari begira.

Aurpegi alaiagoa zeukan zinema-aretotik jalgi eta ostera ibilaldiari lotu zitzaionean.

Karteldegiaren miaketan melodrama giroko thriller bat begiz joa zuen Olimpia aretoan, eta harako bidean jarria zen, abenidan aurrera eginez lehendabizi, norabidez aldatu eta inguruko zeharkaleetan galduz, hurrena.